Eleka enpresak gaztelania-euskara itzultzailea hobetu du eta euskaratik gaztelaniarako lehen itzultzailearen prototipoa sortu du.
Bost urte dira Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresa, Galiziako eta Herrialde Katalanetako enpresa eta unibertsitateekin Batera, Opentrad itzulpen automatikoak egiteko plataforma kode irekian garatzen hasi zenetik, eta orain Opentrad plataformaren parte den Matxin gaztelania-euskararen bertsio hobetua garatu du. Horretarako, itzulpen automatikoak egiteko hainbat teknika erabili dituzte.
Iñaki Irazabalbeitia Elekako kudeatzaileak, Josu Waliño Elhuyar Fundazioko proiektu-kudeatzaileak eta Iñaki Alegria IXA taldeko kideak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako aurkezpenean adierazitakoaren arabera, aurreko gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren bertsioaren eboluzioa da Matxin hau.
Matxin kode irekiko aplikazioa da, Opentrad plataformaren baitakoa. Bertsio berrituan bi ezaugarri nabarmen daitezke: batetik gaztelaniatik euskararako itzultzailea hobetu da, 2006an aurkeztu zen prototipoaren bertsio berritua da eta itzulpenen kalitatean nabarmen hobetu da; bestetik, euskaratik gaztelaniarako itzultzailearen lehen prototipoa sortu da. Bi itzultzaileak www.opentrad.com webgunean erabil daitezke, doan.
Itzulpen automatikoaren munduan itzulpenerako bi metodo erabiltzen dira: erregeletan oinarritutakoa eta estatistikoa. Erregeletan oinarritutako sistemak informazio linguistikoarekin funtzionatzen du: informazio horren araberako erregelak sortzen dira. Estatistikoa, aldiz, lehendik egindako itzulpenetan oinarritzen da, eta jakintza hori erabiltzen du hurrengo itzulpenak egiteko garaian. Gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren kasuan bi teknikak garatu eta integratu dira. Euskara-gaztelania itzultzailearen kasuan, berriz, teknika estatistikoak bakarrik erabili dira.
Matxin gaztelania-euskara sistemaren balio erantsi garrantzitsuena Opentrad kode irekiko sistemaren barruan egotea da. Izan ere, gaztelania-euskara motorra garatuta, komunitatearen esku geratzen da eta edonork egokitu dezake bere beharretara, lizentziarik ordaindu beharrik gabe. Elekak egindako garapena www.opentrad.com webgunean eskuragarri dago.
Aurkezpenean esker oneko hitzak izan ziren Donostiako, Gasteizko eta Arrasateko udalentzat, IVAPentzat, Eroskirentzat, Eitbnetentzat eta Aldaketa 16 aldizkariarentzat, eurek lagatako itzulpen-memoriak oso baliagarriak izan baitira sistema estatistikoa entrenatzeko.
Ekimen honek Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren, eta Espainiako Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren laguntza izan du, Gaitek eta Profit deialdien bidez, hurrenez hurren.
Ni naiz... (1)
Hace 15 años







