lunes, 7 de diciembre de 2009

Durangoko Azoka: Musikarekin itxi ditu ateak aurtengo Ahotseneak


Ez-ohiko astelehena izan da gaurkoa Durangoko Azokako 44.edizioan. Espero baino jende gehiago etorri da Landako Erakustazokara eta, kaleak erabat bete ez badira ere, jende dezente bildu da gaur Durangon eguerdi aldean.

Musika izan da eguneko protagonistetako bat. Beste artista batzuekin batera, Berri Txarrak eta Ken Zazpi izan dira goizean Ahotsenea espazioan.Gazteen interesa piztu dute euskal talde ezagunen solasaldiek.

Arratsaldean ere giro polita izan da sortzaileen karpan. Etxe musikariak kontzertua eskaini du, Mamba Beat taldearen bideo emanaldia eskaini dute, eta Laiaren kantaldiaren ondoren, Piztiak eta Sei Urte izan dira arratsaldeko azken orduetan.

Joan den urtean egun bakarrekoa izan zen ekimena. Aurten, hiru egunetan egon da zabalik sortzaileen gunea. 3 egun, 25 ordu eta 45 artista inguru taula gainean. Edorta Jimenez eta Gotzon Barandiaren ibili dira, beste askorekin batera, antolaketa eta koordinatzaile lanetan. Pozik agertu da Barandiaren aurtengo ekimen berri honekin, eta jendearen harrera ona azpimarratu du. Esne Beltza, Kemen Lertxundi, Gose, Pirritx eta Porrotxen hitzorduek, adibidez, jendetza bildu dute. Sortzaileentzat erakusleiho bikaina.



Irudia: Google.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario